IKERZALEAK

Ikerzaleak elkartea, euskal herriko zuberoko probintziako ondare eta historiaren sustapenaz arduratzen da. Prehistoriatik gaur egun arte.

Archive for the tag “ainarak”

Ainaren arrastoa jarraituz..

2022ko uztailaren 30ko ateraldia.

Gure elkarteak Aline Bédécaratz-ek sortutako ARHONDO bidaia-agentziarekin elkarlanean ateraldi bat antolatu zuen ainarek egiten zuten bidea ezagutzeko asmoz.

Urdatx-Santa Grazi-ko KASERNA auzoan egin genuen lehen atsedenaldia. Bertan Aline-k eta Robert Elissondo-k herriaren historia ezagutzera eman ziguten. Herria inguratzen duten bidexkak betidanik konektatu izan dituzte Piriniotako alde bateko eta besteko jendeak.

IZABA-rantz abiatu ginen. Bertan MAGALI BARRACE gidaren eskutik CASA DE LA MEMORIA museoa bisitatzeko aukera izan genuen. Museoak herri erronkariar horren antzinako ohiturak eta bizi moduak erakusten ditu. Erakusketaren azken zatia ainarei eskainia dago: argazkiak, lekukoak… Urte askoz ezkutatua egon den historiaren atal bat egun ikusgai dago nahi duenarentzat.

IZABA atzean utzi eta autobusez ARRAKO-ra joan ginen, Izabatik hamar bat kilometrora dagoen leku zoragarri batera. Hantxe Erronkariko herri ezberdinetatik zetozen neska gazteak (ainarak) elkartzen ziren euren bidaia hasteko.

TXOMIN ETXEMENDY-k inguruko mehakak eta gailurrak erakutsi zizkigun. Ez zen zaila irudikatzea ainarek negu bizian pairatu behar izan zituzten gabeziak, herritik eta familiengandik urrunduta.

Jarraian BELAGOA-ko aterpera abiatu ginen. Hantxe bazkari goxo bat giro ezin hobean dastatu genuen !

Itzulian Urdatx-eko uharka baino pixka bat lehenago gelditu ginen. Bide labur batek ainaren omenez eraikitako estela batera gidatu gintuen; bertatik neskak Maule-rantz zuzentzen ziren mendia zeharkatu izanez gero.

Egun zoragarria pasa genuen ! Esker anitz gure lau gidariei.

Post Navigation