Xiberoa, frantses errepüblikako lürralde güziak edo Europako parte hon bat bezala, lehen gerla mundialarengatik markatürik izan da. Gatazka honek lüzaz iraun düen herexak ützi dütü. Memorio bat, testoak, tresnak eta hilharriak ützi dütü.
2000-2004 urteetan, alkarteak dokümentü eta familia memorioen biltze bat egin dü. Horri esker, erakusketa bat plantan jarri da : Xiberoa lehen gerla Mundialan. Erakusketa hori eüskaraz eta frantsesez eginik izan da. Xiberotar soldadoen lekükotarzüneri esker, frontean agitü diren mementoak erakusten dütü. Egünoroztako biziaren zailtarzünak eta gogoaren garapena erakusten dütü. Hirugerren parte batek bildüma, dolüak eta orhitzapenak aipatzen dütü. Gerla denboran 1000 bat xiberotar beno haboro hil dira. Herri zonbaitek gizonen laurdena beno haboro galdü düe. Herri güzietan hilharriak eraikirik izan dira ; zonbait aldiz bat beno haboro ere bai.
So egin PDF formatüan eüskarazko erakusketa : kasü fitxategiaren neurriari (9.5MO).
Atzaman dütügün dokümentüak hain beitira kalitatezkoak eta nombre handian, libürü baten egitea derrigorrezkoa üdüritü zaikü. Hau da : Mémoire de Soule, une vallée du Pays basque dans la guerre.
Libürü hontan, gütün parte, gerlako egünkari, soldadoen omenaldiz eginitako testoak bai eta ere familia artean emanik izan diren orhitzapenak badira. Artikülü batek, 1914-1918ko Xiberoko egoera lürralde mügazale bezala deskribatzen dü. Frantses autoritateek müga trükaketen kontrolatzea edo ekürüatzea iseatü düe bena sekülan ez dira hortara heltü. Beste batek, eüskaldünen integrazioaren zailtarzünak frantses nazioaren barnean gerla eta « morts pour la patrie »-aren kultoari esker aipatzen dütü. Eüskaldünak « güdükari ohien » espiritüaz beterik dira. Gerlaren legezkotarzüna ez da düdan jarririk. Herra, eta frontean idatzitako gütünetan atzamaiten zen insjutiziako sentimentüa geroago eta gütiago idatzirik dira.
2013-2014an, ikerketa lanak, erakusketak, orhitzapen ekintzak biderkatü dira Frantzian eta gerla bizitü düen herri güzietan. Jadanik 10 urtez geroz hasirik zen Ikerzaleak alkartea berriz lanean hasi da. Talde sühar batek nahi handi bat helbürü gisa finkatü dü : « Gerla handian » parte hartü düen Xiberotar güzien izenak eta haien ibilbideen berriz atzamaitea. Beste alkarte edo ikerzale zonbaitek haien lürraldeetan ber lana egiten düe – Baionako eüskal müseoaren lagünak, Nafarroa zaharreko lagünak Garazin. Militanteen kontaketa, objektu, gütün, edo orhitzapen ikerketa batekin egiten da. Atharratzeko saltzale baten gütün harremanak bere bi semeekin atzaman berri dütügü. Lan horrek herri desberdinetako erakusketekin, Baionarat heltzeko, 2017-2018an ürrentü behar lüke.